Euskadiko BPGa %2,4 hazi zen urte arteko tasan 2025eko laugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino hamarren bat gehiago (%2,3), eta horrela hazkunde moderatu baina iraunkorreko joerari eutsi zion. Hedapena barne-eskariaren gainean bermatu zen nagusiki berriro ere; izan ere, %3,2ko hazkundea izan zuen, eta ekarpen nabarmena egin zuen kapital eraketa gordinak, zeina %5,2raino bizkortu baitzen. Horren barruan, ekipamendu-ondasunen dinamismoa nabarmendu zen (%5,2), eta etxeen kontsumoak ere, pixka bat motelago bada ere, sendotasuna erakusten jarraitu zuen (%2,6). Aitzitik, kanpo-sektoreak ekarpen mugatua egiten jarraitu zuen: esportazio totalak berriz ere tasa positiboetara itzuli ziren (%0,6), nahiz eta oraindik portaera ahula erakutsi.

Eskaintzaren ikuspegitik, zerbitzuek jardueraren euskarri nagusi izaten jarraitu zuten, %2,8ko hazkundearekin; eraikuntzak, berriz, oso hedapen-tonu handia mantendu zuen (%4,9). Industriak aurreko hiruhilekoarekiko portaera hobetu zuen eta %0,9ra iritsi zen; manufaktura-industriak ere bilakaera hobea izan zuen (%0,8). Aldiz, lehen sektoreak berriro ere uzkurdura izan zuen (%-1,2). Oro har, Euskadik 2025a hazkunde egonkorreko ibilbidea sendotuz itxi zuen, batez ere zerbitzuen sendotasunean, inbertsioaren bultzadan eta industria-sarearen pixkanakako hobekuntzan oinarrituta, nahiz eta kanpo-sektorearen ekarpena oraindik mugatua izan.

 

 

Iturria: INE