ELGAk adierazi du munduko ekonomiak oraindik ere erresilientzia gaitasuna erakusten duela: 2026an %2,9ko hazkundea eta 2027an %3,0koa aurreikusten ditu, teknologiari lotutako inbertsioak eta espero zena baino zertxobait arinagoa den muga-zergen ingurunea lagungarri direlarik. Baina agertoki hori ahulago bihurtu da Ekialde Hurbileko gatazkaren ondorioz; izan ere, gatazkak energia-merkatuak estutu ditu, kostuak garestitu ditu, eta ziurgabetasuna gehitu du munduko eskariari eta prezioei buruz (2026rako G20ko inflazioa %4,0koa izatea aurreikusten du).
Espainian, jarduerak tonu nahiko sendoa izaten jarraitzen du, nahiz eta jada moteltze-bide batean sartuta egon. Espainiako Bankuak 2026ko lehen hiruhilekorako oraindik hazkunde positiboa aurreikusten du, %0,5 eta %0,6 artekoa. Hala ere, haren agertoki nagusiak moderazio argia iragartzen du hurrengo hiruhilekoetarako: 2025ean %2,8 hazi ondoren, Espainiako ekonomia %2,3an kokatuko litzateke 2026an eta %1,7an 2027an. Inflazioa %3,0ra igoko litzateke aurten.
Euskal ekonomian, agertoki nagusiak moteltze leuna iradokitzen du, ez haustura bat: BPGa %1,9 haziko litzateke 2026an eta %1,6 2027an; barne-eskariak 2,3 puntuko ekarpena egingo luke aurten, eta kanpo-ekarpena oraindik negatiboa izango litzateke. Enpleguak gora egiten jarraituko luke 2026an, %1,0 hazita, eta langabezia-tasa %6,4 inguruko mailetan mantenduko litzateke. Hazkunde-inertzia mantentzen du, kontsumoan, inbertsioan eta enpleguan oinarrituta, baina testuingurua ezegonkorrago bihurtu da hiru bidetatik: energia garestiagoa, kanpo-sektorearen ahultasun handiagoa eta finantza-baldintza ez hain onak. Epe laburreko arrisku nagusia da energiaren inflazio iraunkorrago batek etxeen errenta erreala higatzea eta kontsumoa ahultzea, eta aldi berean enpresen inbertsio-erabakiak atzeratzea.
InformeCoyunturaEnero2026 (eus).pptx (1)
Deusto Business School-ek argitaratua