Espainiako BPGak %2,7ko urte arteko hazkundea izan du 2026ko I. hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren ildotik, eta aurrerapen egonkorra mantendu du. Eskari nazionalak jardueraren euskarri nagusia izaten jarraitzen du, %3,4ko hazkundearekin, etxeen kontsumoak babestuta (%3,2). Inbertsioak, berriz, erritmoa apaldu du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta: kapital finkoaren eraketa gordinak %5,8 egin du gora, eraikuntzak (%6,0) eta jabetza intelektualeko produktuek (%6,8) protagonismo berezia izanik; ekipamendu-ondasunen hazkundea, berriz, %3,9koa izan da.
Eskaintzaren aldetik, hazkundea eraikuntzan oinarritzen da nagusiki, hazkunde handia mantendu baitu (%6,5), baita zerbitzuetan ere, %3,4ra azkartu baitira. Industriak hazkunde-erritmoa %1,8ra murriztu du; lehen sektoreak, berriz, beherakada areagotu du, %3,4ko jaitsierarekin. Kanpo-sektoreak ekarpen apalagoa erakusten du, ondasun eta zerbitzuen esportazioen (%0,9) zein inportazioen (%3,1) moderazio argiarekin. Oro har, hiruhilekoak hazkundeari eusten dion ekonomia erakusten du, eskari nazionalak eta zerbitzuek sostengatuta, nahiz eta inbertsioaren dinamismoa txikiagoa izan eta kanpo-sektorearen ekarpena mugatuagoa izan.

Iturria: EUSTAT
Deusto Business School-ek argitaratua